HELETA 2017. BALORAZIOA

EMAITZA ONA!! horrela esaten zuten hegoaldetik joan ziren baserritarrek. Goizean fresko egin arren, eguerdi aldera goxatu zuen San Jose eguneko goiz partean ospatu zen Behe Nafarroako Heleta herrian Euskal Herriko blonda bigen IV. txapelketa.

 

Txapelketan guztira, 17 baserritako 90 biga izan ziren lehian. Hegoaldekoak 10 izan ziren, Arrietako Iturbe anaien lau, Orioko Jose Angel Zendoiaren beste lau eta Aretxabaletako Jesus Kortabarriaren bi.

 

Lortutako emaitzei dagokienez onak izan ziren, hiru bigarren sari eta hirugarren sari bat lortu baitzituzten; kontuan izanda lehiaketako hamar ataletatik lautan soilik parte hartu zutela EBAFEko ganaduzaleek, sarituen proportzioa benetan garrantzitsua izan zen. Bestalde, zegoen maila ikusita oraindik ere pozgarriagoak dira lortutako sariak.

 

Txapelketako epaileak ere –Pascal Milon Frantziako teknikaria eta Josu Payas CONABAko kalifikazio arduraduna– iritzi berekoak ziren. Aurkeztu ziren bigen maila nabarmendu zuten eta baita sarituak aukeratzeko izandako zailtasunak ere; halaber, arraza kalitatean, zerretan zein haragi-konformazioan izan den hobekuntza azpimarratu zuten.

 

Ikusleen artean Gipuzkoa, Nafarroa eta Madriletik joandako abeltzainak ikusi genituen, txapelketaren martxa zein animaliak adi-adi jarraituz.

 

Lehiatu ziren hamar ataletako txapeldunez gain sari bereziak ere eman ziren, hala nola:

 

  • Zerra onenaren saria: Behe Nafarroako Juxi herrian dagoen GAEC IRIGAYA baserriko LILAS bigarentzat izan zen.
  • Txapelketako Txapeldun Handia: Donostiri herriko EARL GEROA elkartetik etorri zen LEHENA bigarentzat izan zen (izen horrekin nola ez!!).
  • Herrialde onenaren saria: Zuberoak lortu zuen eta bere ardura izango da urtebetez egurrezko trofeo astuna gordetzea eta babestea.

 

Txapelketako palmaresa: http://testajeaia.com/wp-content/uploads/2017/03/KATALOGOA.pdf