Honi buruz

Limousin arrazako Hobekuntza Planean jasotzen den idisko hobetzaileen aukeraketa, testajea eta hedapena aurrera eraman ahal izateko, ELIFEko (Euskadiko Limousin Federazioa) baserritarrek beharrezkoa ikusi zuten Idiskoen testaje-zentro bat sortzea, estatu mailan ez baitzegoen horrelakorik. Helburua garbia zen, Aiako Testaje Zentroa estatu mailako erreferentzia-zentroa izatea, baserritar guztiei berme sanitarioa eta genetikoa eskainiko zizkiena.

1995. urtean jarri zen martxan Zentroa aipatutako asmoa aurrera eramateko; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ELIFEren artean lankidetza-akordio bat sinatu zen, eta Foru Aldundiak, Gipuzkoan, Aiako Laurgain auzoan duen Ibarrola Goikoa ustiategiaren zati bat utzi zion ELIFEri aipatutako helburua betetzeko.

Ondoren, Espainiako Limusinzale Federazioak (FECL) eskatuta, Nekazaritza Ministerioak Espainiako idisko limousinen testaje-zentro ofizial gisa homologatu zuen Aiako Zentroa eta Federazio horrek bultzatzen duen Hobekuntza Genetikoko Planean parte hartzen duten ukuilu guztiei zentroa erabiltzeko aukera eman zitzaien.

Zentroa txiki gelditu zen segituan, idiskoez gain, aurrerako bigak hazteko zentroa sortzea pentsatu baitzen. Hori zela eta, 1999. urteko abenduan eta 2000. urteko urtarrilean, hainbat egokitzapen-obra egin ziren nabe nagusian, testajean dauden idiskoak baldintza egokietan egoteko; Frantziako Lanaudeko azpiegiturak eredutzat hartuta egin ziren obrak.

2001. urtean obra gehiago egin ziren beste nabe batean, zentrora iristen diren animalientzako koarentena-gunea berritzeko; halaber, nabe nagusiaren ondoko patioak ere egokitu ziren, aurrerako bigen maneiu-lote desberdinak antolatu ahal izateko, zentroan sartzen direnetik saldu edota ernai etxera bueltatu arte.

Aiatik irteten diren idiskoen nazio mailako ospea eta onarpena zirela eta, Zentroa handituz joan zen eta 2001. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmenak sinatu zituen Euskadiko Limousin Federazioarekin (ELIFE) eta Euskadiko Blonde d’Aquitaine Federazioarekin (EBAFE). Hitzarmenetan jasotzen zenez, hasierako lankidetzarekin jarraitzeaz gain, Aldundiak blonde arrazako idiskoak testatzeko eta bigak hazteko ukuilu berri bat eraikiko zuen; horrez gain, haragi zein esne arrazako enbrioi emaileentzat gune bat ere sortuko zen.